Elikagai-koloratzailea

Wikia-Elikatik
Jump to navigation Jump to search
Gominolak.jpg

Elikagaiak lehengoratzen edo normalizatzen dituzten eta elikagaiei kolorea eman baino egiten ez duten elikadura-gehigarriei egiten die erreferentzia elikagai-koloratzaile terminoak.


Kolorea garrantzitsua da elikagai bat erakargarri egiteko; izan ere, elikagai batek eragiten duen lehen sentsazioaren eragilea da, eta nabarmen baldintzatzen du kontsumitzaileak onartzea edo baztertzea.


Bi multzotan banatzen dira, jatorriaren arabera:


Koloratzaile naturalak:

Naturan dauden pigmentu koloredunak; askotariko prozedurak erabiltzen dira ateratzeko.

  • Kurkumina (E-100).Curcuma longa L. landaretik erauzten den koloratzaile horia. Zopetan, saltsetan, haragiki eta esnekietan, izozkietan, opiletan, marmeladetan eta abarretan erabiltzen da.
  • Laktoflabina edo erriboflabina (E-101).Legamia-kulturatik, galorratzetik, gorringotik eta abarretik lortzen den koloratzaile hori-laranja. Zerealetan, esnekietan, izozkietan, gozokietan eta abarretan erabiltzen da.
  • Kukurutxa edo azido karminikoa (E-120). Coccus cacti L intsektu emeen oskoletik lortzen den koloratzaile gorri bizia. Erdialdeko Amerikan, Afrikako iparraldean eta Espainiako Hegoaldean bizi da intsektu hori. Karameluetan, txikleetan, pasteletan, edarietan, haragikietan eta abarretan erabiltzen da.
  • Karamelua (E-150). Karbohidratoak berotuz (karamelizazio-prozesua) lortzen diren koloratzaile marroi eta arreak. Kola-edarietan, edari alkoholdunetan, okintzan, izozkietan, postreetan eta abarretan erabiltzen dira.
  • Karotenoideak. Landareetatik (hala nola azenarioa) erauzten diren 450 pigmentuk baino gehiagok osatzen duten multzoa; hainbat tonalitatetakoak daude, hasi gorritik eta horiraino.Karotenoak (E-160) eta xantofilak (E-161).
  • Badira jatorri naturaleko beste pigmentu batzuk nagusiki gozogintzako produktuen gainazaleko koloratzaile gisa erabiltzen direnak: erremolatxa-gorria edo betaina (E-162), antozianinak (E-163), klorofila (E-140), klorofilinak (E-141), landare-ikatza (E-153), eta mineral-jatorriko beste batzuk (E-171, E172, E-173, E174, E-175).


Koloratzaile artifizialak:

Sintesi kimikoaren bidez lortzen direnak. Hona hemen esanguratsuenak:

  • Tartrazina (E-102). Koloratzaile horia.Azafraiaren ordezko gisa erabiltzen da gisatuetan eta paelletan; zopa, gaileta, izozki, karamelu eta abarrek ere izaten dute.
  • Kinoleina-horia (E104). Koloratzaile laranja. Laranjazko freskagarrietan, edari alkoholdunetan, haragikietan, izozkietan... erabiltzen da.
  • Sunset horia edo ilunabar-horia (E-110). Koloratzaile hori-laranja. Edarietan, izozkietan, karameluetan, postreetan... erabiltzen da.
  • Azorrubina (E-122).Koloratzaile gorri bizia. Haragikietan, konfituretan, izozkietan, likoreetan eta abarretan erabiltzen da.
  • Sabia edo amarantoa (E-123). Saltsetan eta abarretan erabiltzen den koloratzaile gorri bizia.
  • Punceau 4R (E-124). Koloratzaile «marrubi»-gorria. Karameluetan, pasteletan, konfituretan, haragikietan eta abarretan erabiltzen da.
  • Eritrosina (E-127). Kontserbetan, marrubi-aromako esnekietan, atun- edo izokin-pateetan... erabiltzen den koloratzaile arrosa.


Erreferentziak


Torres M.I. 2008. Aditivos en Bases de la Alimentación Humana.(Koord., V.M. Rodríguez, E. Simón). Netbiblo SL arg., Coruña, Espainia, 269-284.

Pérez-Elortondo FJ; Barrón LJR.2008. Componentes de la dieta con interés sensorial en Bases de la Alimentación Humana. (Koord., V.M. Rodríguez, E. Simón). Netbiblo SL arg., Coruña, Espainia, 255-267.

Cubero N.; Monferrer A.; Villalta J. 2000. Aditivos Alimentarios. Madrid: AMV Ediciones.